XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Drogak 500.000 milioi dolar mugitzen du Latinamerikan. Herrialdeek dituzten zorrak baino 100.000 milioi dolar gehiago

Narkotrafikoak 500.000 milioi dolarretako diru kopuru nabarmena mugitzen ditu Latinamerikan, bertako lurraldeek duten kanpo zorrak baino 100.000 miloi dolar gehiago, hain zuzen ere.

Datu kezkagarri hauek Bayardo Ramirez, Venezuelako ordezkariak eman zituen aditzera CICAD, drogaren abusuaren kontrolerako komisio interamerikarrak herenegun ospatu zuen lehen bileran.

CICADeko lehen elkartze honek herrialde hauetako drogaren produkzio eta trafikoaren aurkako neurriak Washington-en zehaztu nahi ditu, Rio de Janeiroko konferentzia eta OEAko asanbladako plangintzen barnean.

Venezuelako ordezkariak argi utzi zuen herrialde guztietako batasun estratejikoa beharrezkoa dela drogaren aurkako neurriak hartzeko momentuan.

Halaber, orain urte batzu gertatutako bitxikeri bat gogorarazi zuten bilera honetan: Boliviako narkotrafikante ezagun batek bertako zorra guztiak ordainduko zituela proposatu zion gobernuari, 4.000 milioi dolarretako zorrak, hain zuzen ere.

Narkotrafikoak mugiarazten zuen diru kopurua, petroleo esportazioak jasandako beherakadak sortarazi zituen galerak baino askoz ere handiagoa zela azaldu zuen, halaber.

Esan behar da, aipatutako galerak 80.000 milioi dolarretakoak izan zirela.

Nazioarte mailan, kontsumitzaile eta hornitzaileen arteko diferentzia kontutan izan behar dela esan zuen Ramirezek, narkotrafikoak ematen duen dirua beti herrialde aurreratuetan gelditzen dela azpimarratuz.

CICADk egiten dituen bilera guztiak Alfonso Soler, Colombiako Justizi idazkariordearen zuzendaritzapean ospatzen dira.

Bestalde, Lucio Galarza, Peruko ordezkariak ere beharrezkotzat jo zuen herrialde guztien batasuna, drogak gizartearen etorkizuna arriskutan jartzen duenez, holokausto nuklear baten antzekoa izan daitekeela azpimarratuz.

Azkenik, Rafael Cardozo Grimaldi, Venezuelako Defentsa Ministrariak, berriz, Venezuelako portuan egindako azken aurkikuntza gogorazi zuen, drogaren aurka egiten ari diren esfortsuak frogatu nahian.

Drogaren aurka burrukatzeko batasun estratejiko behar omen da.